2007/10/15

Herri kiroletan txapeldun sakandarrak!

Kirolari sakandar finak badirela banekien, baina asteburu honetan garaipen garrantzitsuak erdietsi dira eta biak herri kirolen alorrean. Floren Nazabal aizkolari etxarriarrak Euskal Herriko txapelketako txapela jantzi du. Trontzan berriz, Susana Agerre Lizarragabengoakoak, Maitane Txueka arbizuarrarekin, Euskadiko Txapelketa eskuratu dute. Bi berri horiek herri kirolen osasunari buruz hausnartzera eraman naute. Kirol minoritarioak dira eta askotan sinbolikoak baino ez dira, baina ere berehan, oraindik orain gure herrian badute haien indarra eta hori poztekoa da! Gehiago babestu eta baloratu beharko genituzkeela deritzot. Zuek?


Aizkora
Euskal Herriko txapelketa
Nazabal etxarriarrak erraztasunez jantzi zuen txapela
Igandean Donezteben Euskal Herriko aizkolari txapelketako finala jokatu zen eta lehenengo enborretik Floren Nazabal nagusi izan zen. Hala, inongo arazorik gabe jantzi zuen etxarriarrak handienaren txapela. Aste bat lehenago Nafarroako txapelketa irabazi eta gero, bera zen faborito Euskal Herrikoa ere irabazteko eta hala gertatu zen.

Lehiaketan agorrialaren 26an Lakuntzan jokatutako proba kanporagarrian sailkatu ziren 6 aizkolariek hartu zuten parte. Han izan ziren Floren Nazabal eta Juan Jose Lopez nafarrak eta Luis Txapartegi, Unai Otaño, Jose Mari Olasagasti eta Jose Migel Peñagarikano gipuzkoarrak. Doneztebeko pilotalekua jendez lepo izan zen 6 gizonen lanarekin gozatzen.

Aizkolari bakoitzak lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Gogor ekin zioten aizkolari denek lanari hasieratik aurre hartu nahian, alabaina, Nazabalek berehala erakutsi zuen bera zela nagusi. Apurka-apurka Etxarrikoa aldea ateratzen hasi zen. Erritmoa oso bizi jarri zuen, eta ezin izan zion inork jarraitu.

1. Nazabal 39:12
2. Otaño 41:20
3. Lopez 42:09
4. Olasagasti 48:07
5. Txapartegi 53:24
6. Peñagarikano 54:48


Trontza
Maila Nagusiko Euskadiko Trontza Txapelketa
Agerre-Txueka txapeldun
Ostiralean Susana Agerrek eta Maitane Txuekak, trontzalari sakandarrek, jantzi zuten Maila Nagusiko Euskadiko Trontza Txapelketako txapela. Finala Basaurin jokatu zen eta giro apartarekin eta jendez lepo burutu zen proba. Nesken txapelketaz gain, mutilen txapelketa nagusia baita 2. mailakoa ere, jokatu ziren.

Nesken txapelketan Etxebarria ahizpak ziren faborito. Beraiek irabazi zuten iazko txapela eta ostiralekoan ere lan ona egin zuten, baina Agerre Lizarragabengoakoak eta Txueka arbizuarrak 3 segundo gutxiago behar izan zituzten lana amaitu eta txapela eskuratzeko. Bikoteek 45 ontzeko enborrari hamar epai etzanda eman behar izan zizkioten.

Emakumeen artean lehia handia izan zen eta ez lehen 2 bikoteen artean soilik, Etxebarria-Astondoa bikoa ere beste bien parean ibili zen. Azkeneko epaian sartu arte ez zen txapel zeinek eramango zuen jakiterik izan. Amaieran hiru lehenak 5 segundoren barruan sartu ziren, eta hori Barakaldoko finalean izandako orekaren adierazle izan zen.

Sailkapena
1. Agerre-Txueka 6:17
2. Etxeberria ahizpak 6:20
3. Etxeberria-Astondoa 6.22
4. Aristegi-Galarregi 6.41
5. Nuñez-Lopez 9.05
6. Apodaka-Moreno Ez zuen amaitu

No hay comentarios.: