2007/10/30

Altsasuko Udalak gaztetxoei zuzendutako sexu aholkularitza martxan jarriko du


Altsasu

12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako zerbitzua azaroaren 6an jarriko da martxan

Altsasuko gaztetxoek sexualitateari buruzko informazioa eskuratzeko gune baten beharra sumatu zuen Altsasuko Udalak. Horregatik jarri du sexu aholkularitza, Altsasuko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek sexualitateari buruz dituzten zalantzak nonbait argitzeko aukera izan dezaten.

Zerbitzuaz

Izargi zentroko sexu-hezitzaileak, gazteen hizkera bera erabiliz, sexu-harremanen, gorputzaren, maiteminen eta beste hainbat gairen inguruko zalantzak argituko dizkie gaztetxoei. Eta, beti ere, hitz egindakoa isilpean gordeko du. Altsasuko Udalak martxan jarriko duen sexu-aholkularitza zerbitzua doakoa izanen da.

Azaroaren 6an jarriko da martxan sexualitateari buruzko gazteendako informazio puntua. Ikasturtean zehar, azarotik garagarrilera bitartean, hileko lehen asteartean zabalduko ditu sexu-aholkularitzak bere ateak Gure Etxea eraikineko lehen solairuan dagoen Gazte Informazio Gunean, 15:30etik 17:15era bitartean.

Zerbitzua erabili nahi duten gazte altsasuarrek hara joatea besterik ez dute. Aldez aurretik ez da ez izenik eman behar ezta txandarik eskatu behar ere. Telefonoz ere egin ahal izanen da kontsulta, 948 564 785 zenbakira hots eginez. Bestalde, Altsasuko Udalak henna tatuai ikastaroa antolatu du azaroaren, 10, 17, eta 24rako. Informazio gehiago merkatu txikian.

No hay comentarios.: